top of page

Assumptio Proinnova Fundazioa jaio da, ikerketari eta berrikuntzari bultzada emateko



Assumptio Proinnova Fundazioa sortu du Asunción Klinikak, ikerketa eta berrikuntza bultzatzeko asmoz.

Fundazio honen bitartez, Tolosako zentroak ikerketa eta berrikuntza proiektuak nahiz dibulgazio eta formazio programak kanalizatu nahi ditu. “Asmoa da Fundazioaren lanak pazientearen zerbitzuan eta arretan hobekuntzak ekartzea, eta, horrez gain, gure inguruan eragin positiboa izatea, Tolosaldea bailaran bereziki, gure ekintza eremu hurbilenean”, zehaztu du gaurko prentsa agerraldian Regina Martínez Idarreta Fundazioko zuzendari kudeatzaileak.


Assumptio Proinnova Fundazioak hiru eremutan egingo du lan:

  • Formakuntza: Fundazioak babesa eta finantzaketa eskainiko ditu etenik gabeko formakuntza medikoa garatzeko, eta baita Asunción Klinikako pertsonalaren garapen etengabea bultzatzeko ere, mintegietara, kongresuetara, jardunaldietara, eta abar. Fundazioak ikerketa iturri berriak gehituko dizkio dagoeneko existitzen diren urteroko formakuntza programei, haien irismena eta eraginkortasuna handitzeko.

  • Ikerketa eta berrikuntza: Fundazioak, halaber, egunerokotasunean aplikazioa duten ikerketa lanen garapena bultzatzea bilatzen du, osasun asistentzia eskaintzen duen enpresa gisa.

  • Ezagutzaren dibulgazioa: Bestalde, maila espezializatuan eta dibulgatiboan ezagutzaren transmisioa hauspotuko du Fundazioak, maila zientifikoko jardunaldiak, hitzaldiak eta kongresuak antolatuz; alabaina, maila dibulgatibon ere egin nahi du, Osasun Gaiak ekimenen bidez herritarrak haien osasunaren zaintzan ahalduntzeko.


Fundazioak, zeina Asunción Klinikan ezarriko den, lanerako eta mintegietarako zenbait gela izango ditu, eta baita ehun pertsonako edukiera duen ekitaldi areto bat ere, hura kudeatzeko eremuak izateaz gain.


Pazientearen arreta eta zerbitzua hobetzea

“Orain artean gure egunerokotasunean bigarren mailan zeuden eremuetan hazi eta hobeto kokatu nahi dugu, ikerketa kasu”, azaldu du Martínez Idarretak.

“Helburua da fundazioko lanak pazienteari eskainitako zerbitzua eta arreta hobetzea, eta, horrez gain, eskualdean eragin positiboa izatea. Aldebatetik, gure egunerokotasuneko zati diren eta bikainatasuna lortzen lagunduko diguten ikerketa lanen garapena hauspotuko dugu. Bestetik, Fundazioaren bitartez maila zientifikoko hitzaldi, konferentzia eta kongresuak antolatuko ditugu, eta eskualdez kanpoko jendeak parte hartuko du bertan, horrek dakarren onura ekonomiko eta sozialarekin. Ez hori bakarrik; Fundazioak dibulgazio kanal bat izango du, Osasun Gaiak, zeinarekin pazientea eta gizartea ahaldundu nahi dugun bere osasunaren zaintzan, hitzaldien eta kontzientziazio nahiz ezagutza kanpainen bidez”, adierazi du Fundazioko zuzendari kuadeatzaileak.

Desnutrizioari buruzko proiektua

Assumptio Proinnova Fundazioaren lehen ikerketa proiektua, urtarrilean bertan abiatuko dena, ospitaleratutako pazientearen desnutrizioari buruzkoa izango da, eta Tolosaldeako pazienteen egoeraren argazki eguneratu bat egitea du xede. CONUT analitika bidez egingo da; odol analisi bidezko proba ez-inbasiboa da, eta pazientearen desnutrizio arriskua ezagutzea ahalbidetzen du hura ageriko izan aurretik, eta horrez gain, ospitaleratutako pazienteen egoera nutrizionalak haren eboluzio klinikoan zein eragin duen jakitea.


Zenbait ikerketak %26,7 eta %50n artean kokatu dute ospitaleko desnutrizioaren prebalentzia. Desnutrizioa arazo iturri jakina da; mobi-hilkortasuna handitzen du, operazio osteko zailtasunak, eta ospitaleko egonaldiaren luzatzea dakar, arreta sanitarioaren garestitzearekin lotuz. Hain justu, horren prebentzioa modu espezifikoan txertatu da, lan ildo moduan, Pazientearen Segurtasunerako Osakidetza 2020 estrategian.

Proiektua Asunción Klinikako Analisi Klinikoen arduradun Maria Caballero eta Farmazia zerbitzuko buru Borja Ollo doktoreek gidatzen dute. Bi urteko iraupena izatea espero da, eta handik ospitaleratutako pazientearen arreta hobetzea ahalbidetuko duten neurriak hartzea ere bai.

Aurkezpena Topic-en

Asunción Klinikak asteazkeanan, hilak 30, aurkeztuko du ofizialki Assumptio Proinnova Fundazioa, herritarrei irekia izango den eta Tolosako Topic antzokian egingo den ekitaldi batean. Hondako programa izango du:

  • 19:00: Fundazioaren aurkezpena, Patronatuaren eskutik.

  • 19:15: Inaugurazio hitzaldia Basque Health Clusterreko zuzendari kudeatzaile María Pascual de Zuluetaren eskutik: “Berrikuntza da bidea”. (gazteleraz)

  • 19:45: Otordua




Comments


bottom of page