top of page

“Kribatuek minbizia garaiz detektatzea ez-ezik, hura azaltzea ere saihesten dute”



Otsailak 4 dituen aldiro Minbiziaren aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen da, lautik bati eragiten dion gaixotasuna. Espainian intzidentzia urteko 200.000 kasukoa da, AECCren arabera, eta OMEren arabera munduko hildakoen %16ren erantzule da. Tratamendu eta diagnostiko alorretako aurrerapenek superbibentzia eta sendatze kopuruak urtez urte handitzea dakar. Minbizirik ohikoenak biriketakoak, bularrekoak, prostatakoak eta kolonekoak dira. Azken horri aurre egiteko, Osakidetzak urteak daramatza kribatu kanpainak egiten. Tolosaldeari dagokionez, Asunción Klinikatik koordinatzen da, kribatuetan positibo eman dutenei kolonoskopiak eginez. Maite Lopez Kirurgia Zerbitzuko buruarekin hitz egin dugu gaixotasun hau nola aurreikusi eta tratatu.


Zer da minbizia?

Minbizia organo ezberdinetan eta bizitzako aldi ezberdinetan eragin dezakeen gaixotasuna da. Batzuetanezagutzen ditugu minbizia ezberdinak garatzeko errudun diren arrisku faktoreak, eta gure ohiturak aldatuz aurreikusi ditzakegu. Alabaina, ez da beti posible, eta ikusi dugu minbizia batzuekiko prebalentzia hazten ari dela. Bestalde, medikuntzako aurrerapenek egungo minbiziei modu multidisziplinarrean eustea ahalbidetzen digute, duela urte batzuk baino superbibentzia maila altuagoak lortuz.


Zeintzuk dira minbiziarik ohikoenak?

Mundu mailan, biriketakoak, bularrekoak, prostatakoak eta kolonekoak dira. Alabaina, ez da ahaztu behar edozein organotan sor daitekeela.


Zeintzuk dira kolonekoaren datuak?

Kolona, konkretuki, minbiziarengatik hilkortasunean bigarrena da munduan. Denborarekin txartzera egiten duten polipoen bidez sortzen da. Haiek garaiz detektatzeak ahalbidetzen digu gaixotasunaren prebentzioa. Horretarako zenbait kribatu egiten dira, eta biziraute maila haztea ahalbidetu digute. Programa hauei esker, minbizia garaitz detektatzeaz gain haura azaltzea ere saihesten da sarri. Alabaina, koloneko minbiziaren %5k sorgarri genetikoa du, eta bere garapena azkarragoa eta agresiboagoa da, hura geldiaraztea zailduz.


Nola funtzionatzen du Osakidetzaren kribatu programak?

2008an, Osakidetzak koloneko minbiziaren kribatu programa abiarazi zuen. Tolosaldean Asunción Klinika da kribatu horiek egiteko arduraduna. 50 eta 65 urte arteko pertsonei gorotzak jasotzeko kit bat duen gutuna bidaltzen zaie, haiek aztertu eta odola duten jakiteko. Kit hori anbulategian uzten da. Gorotzetan odola duten haiei kolonoskopia bat egitera gonbidatzen zaie, Tolosaldean Asunción Klinikan egiten dena. Hura egitean poliporen bat aurkitzen bada, berehalakoan kentzen dugu. Eta, noski, minbiziaren edo tumoreren baten susmoa bada, biopsia egin eta Kirurgia zerbitzuarekin hitzordua jartzen diogu pazienteari. Hala, tumorea dutenak 30 egunean diagnostikatuta, operatuta eta koloneko minbizia sendatzeko tratamenduarekin egotea lortzen dugu.


Comments


bottom of page